Abenduaren 13an, BIDEGINTZA jaso genuen Bikain ziurtagiriaren ertaineko maila, hau da zilarrezko ziurtagiria. Honek gogoratzen gaitu esparru honetan ere, pausuak ematen goazela, bidegintzan gaudela.

Ondo jakin gabe, orain arte eduki dugun zeozer bat identifikatzeko, aditu batzuk etorri ziren, eta antza zuhaitz eder bat daukagu. Adar batzuk okerrak omen daude, eta sustrai atal batzuk txikiak eta beste batzuk sendotasun faltarekin. Baina dudarik gabe zuhaitz bat da.

Orain dela urte batzuk, beharbada asko, norbaitek hazi txiki bat landatu zuen lur zati xume baten,  zuhaitz bat erneko zelakoan. Hura bai ameslaria!

Kasu asko egin gabe, egun eguzkitsu baten kimu bat irten zen. Beste pertsona batzuk hasi ziren orduan ureztatzen eta noizbehinka simaurra botatzen. Neguko ilberetan ondo zekitenek zuhaitza kimatuz, udaberriko garaian ernetako kimu berriak maitasun berezi batekin zainduz, udan izurritetik babesten eta udazkenenan berriz hosto zaharak kentzen. Noski, baita, bere gereizpeaz gozatzen eta haren loreaz harrotzen. Batek esaten zuen sarri: “hortik zeozer irtengo delakoan? Zu bai zu ameslaria!”

Azkenengo urteotan jarraitu dugu zuhaixka zaintzen, eta egia esan ikusi dugu zeozer handitzen.

Orain ere konturatu izan naiz zein garrantzitsua izan zen hazi hori botatzea eta noski ernetakoa zaintzea, baina ezin dela ahaztu lur zatia uzten duten guztiei; beharbada orain ezin dugu denok zaindu edota ez dugu nahi, baina lekua utzi behar zaio osasunez hazteko eta orian arte beti eduki izan du behar haina, bakoitzak bere lur zatia eskeintzen, bakoitzak ahal duena, ez dago zati txikirik ezta handirik ere ez, neurrikoa beti. Burura etortzen zait zenbat tresna erabili izan ditugun, atxurra, arrastelua, pala… eta horretarako dirua behar izan dugu, eta eduki, eduki izan dugu.

Urte batzutan zuhaitzik handienetarikoa edukiko dugulakoan nago. Ni bai ameslaria!

Natura, natura denez eta bere bidea egiten utziz gero, laster gure zuhaitz honek haziak sortuko ditu lurrara jausiz, norbaitek edo batzuk utzitako lur zati horretan eta gero beste bat. Epe ertain batera, apika, baso osantsu bat edukiko dugu denok osatzen dugun lursail honetan. Gu bai ameslariak!

Beraz orain badaukagu ziurtagiri bat zuhaitz bat daukagula adieraziz, azken finean, orman eskegitzeko papertxo bat besterik ez. Papertxo bat besterik ez?